Prebentzio neurriei, ikerketari eta tratamenduen optimizazioari esker, EAEn etengabe hobetuz doa bularreko minbizia duten emakumeen biziraupena. Hala erakusten dute Euskadiko Minbiziaren Erregistroko datuek: 2000-2004 aldian bularreko minbizia zuten emakumeen biziraupena % 83,4ra igo zen, eta 2010-2012 aldian % 86ra.
Biziraupena adin tarte guztietan hazi da, baina nabarmenki Osakidetzaren Bularreko Minbiziaren Detekzio Goiztiarreko Programaren xede diren 50-69 urteen arteko emakumeetan; kasu horietan egungo biziraupena % 92,7koa da.
Bularreko Minbiziaren Detekzio Goiztiarraren Programa 1995ean jarri zen abian, prebentzioa, diagnostikoak eta tratamenduak hobetzeko. 23 urte hauetan, 2,5 milioi hitzordu eman dira eta ia 2 milioi mamografia egin. Horrela, 9.290 minbizi kasu detektatu dira, gehienak fase goiztiarretan, horregatik emakume horien % 83,1ek ez dute bularreko tratamendu inbaditzailerik izan.
Datuok positiboak badira ere, bularreko minbizia emakumeen heriotza-kasu gehien eragiten duen gaitza da EAEn. Hori dela eta, Bularreko Minbiziaren Detekzio Goiztiarraren Programa indartzen jarraitzea da 2023ra arteko Euskadiko Plan Onkologikoaren helburuetako bat.